XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NEKAZARITZA ETA ARRANTZU SAILA 327/88 DEKRETUA, 1988ko abenduaren 13koa, Euskal Herriko nekazal iharduera adinaz aurretiko uztearen aldeko laguntza-saila ezartzen duena.

Kontseiluaren 1096/88 (EEE) Arautegia, 1988ko apirilaren 25ekoa, nekazal iharduera uzteko sustapena ari izan da egiten, ekintza amankomunen bidez, egituren egokitzapen eta berrantolaketa erraztu nahian eta, azken batean, ekoizpena eta merkaturatze ahalbideen artean oreka egon dadin.

Nekazal iharduera behar baino lehenago utzi nahi duten nekazarien aldeko neurri amankomunen aplikazioa Euskal Herrian arautu nahi da Dekretu honen bidez.

Horrela nekazari-ohiek errenta egokia lortuko lukete, laborantza bertan behera uzteak ekartzen dizkien galerak parekatuz, eta, bestalde, Nekazal Sektoreko egituren hobekuntza ahalbideratzen da, hustiakuntzen azalerak zabaldu eta nekazal biztanlego aktiboa gazteagotzen denez gero.

Ondorioz, Autonomi Estatutuak ezarritako eskurantza banaketarekin bat etorriz eta Autonomi Elkarteko Erakunde Amankomunak eta Lurralde Historikoetako Foru Aldundien arteko Harremanei buruzko 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, agindurikoa betez, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren proposamenez, 1988-XII-13 eguneko batzarrean Jaurlaritza Kontseiluak aztertu ondoren, honako hau XEDATU DUT: I. HELBURUA ETA BALDINTZA OROKORRAK.

1. atala.- 1988ko apirilaren 25eko Kontseiluaren 1096/88 (EEE) Arautegiaren arabera, nekazal iharduera adinaz aurretiko uztearen aldeko dirulaguntzen emateak men egingo die Dekretu hontan ezarritakoari eta hura garatzeko Foru Aldundiek emango dituzten arauei.

2. atala.- Nekazal iharduera adinaz aurretiko uztea dela-ta, hurrengo laguntza hauek ezartzen dira: 1- Urteroko indemnizazioa, lursailen edukitza duten eta nekazal hustiakuntzen titular direnen aldekoa, 55 urte baino gehiago eta 65 baino gutxiago baldin badituzte, beti ere nekazal laboreak iharduera nagusi badira eta bertan behera uzten badute betiko.

2- Urteroko indemnizazioa, nekazariaren senideen aldekoa, ordurarte laborantzan lan egin badute, bizimodu nagusi bezala eta era iraunkorrean, eta aurrerantzean nekazal laboreak lagatzen badituzte.

3. atala.- Laguntzak eskuratzeko baldintza orokorrak hauek dira: 1- Onuradunek Euskal Autonomi Elkartean bizi behar dute.

2- Gizarte Segurantzaren Nekazal Erregimen Berezian altan egotea eta, hala izanez gero, Hustiakuntza eta Ihardueretarako legez ezarritako erregistroetan inskribaturik egotea eta landare nahiz abere-osasunketa arloetan indarrean dauden arauak betetzea.

3- Herri Administrazioari eta Komunitate, Partzuergo eta antzeko erakundeen Administrazioei zor zaizkien zerga, ariel, kanon edo kuoten ordainetan bakean egotea.

II. LURSAILEN EDUKITZA DUTEN ETA NEKAZAL HUSTIAKUNTZEN TITULAR DIRENEN ALDEKO INDEMNIZAZIOAK, DARAMATZATEN NEKAZAL LABOREAK BERTAN BEHERA ETA BEHIN BETIKO UZTEN BADITUZTE.

4. atala.- Laguntza hauek eskuratzeko hurrengo baldintza hauek dira beharrezko: 1- Onuradunek, eskabidea aurkezterakoan, 55 eta 65 bitarteko adina izatea eta laborantzan iharduera nagusi bezala aritzea, 1985eko martxoaren 12ko Kontseiluaren 797/85 (EEE) Arautegiak bere 2. atalaren 5. puntuan ezartzen duenez.

2- Onuradunek behin betiko laga ditzatela nekazal laboreak eta, eskabideak aurkezterakoan, berrogei urte baino gutxiago duten eta hortarako eskatzen diren baldintzak biltzen dituzten Nekazari Gazteek nekazal azalera erabilgarria lan dezatela, Euskal Herriko nekazal hustiakuntzen aldeko laguntzei buruzko otsailaren 16ko 27/1988 Dekretuaren arabera.

Horrela, nekazal lursailen azalera zabalduko lirateke.

Lehen esandakoaren kaltetan joan gabe, onuradunek gehienez lursailen %10aren erabilera gorde dezakete, hektarea bat baino gehiagorik ez, handik aterako dena merkaturatzeko ez bada noski.

3- Lursailak lantzeko eskubidea lortzen dutenentzat, nekazaritza iharduera nagusi izan behar da, gutxienez hustiakuntzen azaleren zabalduntza gertatzen denez geroztik, eta soberakinak ez ugaltzeko konpromezua hartzea, lursailak zabaldu eta azalera osoan.

Ondorio hauetarako soberakinak hauexek izango dira: Europako Elkartean eskuarki subentziorik gabeko merkatalbiderik ez duten produktuak.

4- Onuradunak eta lurrak lantzeko eskubidea lortzen dutenen artean lehen mailako ahaidetasuna ez egotea.

5. atala.- 1- Laguntzaren urteroko zenbatekoa 450.000 pezetakoa izango da hustiakuntza bakoitzeko.

Lursailen titularrak bat baino gehiago badira, norberaren partehartzearen arabera banatuko da zenbatekoa, beti ere aurreko atalean ezarritako baldintza guztiak eta bakoitza betetzen badituzte.

2- Onuradunek gehienez hamar urtetan zehar har ditzakete laguntzak eta inolaz ere ez pentsioa jasotzeko legez ezarritako adina Gizarte Segurantzaren Nekazal Erregimen Bereziaren araberakoa bete ondoren.

6. atala.- Laguntza-eskabideekin batera, 3. atalean ezarritako baldintza orokorrak biltzearen frogagiriak atxekiz gain, hurrengo hauek ere erantsiko dira: - Eskatzaileen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

- Gizarte Segurantzatik diru-prestakinik ez jasotzearena.

- Eskatzaileak soroen jabetza duelako ziurtagiria, Jabetza Erregistroak aresti emandakoa, edo jabe ez izatekotan, Nekazal Kamarak emandako ziurtagiria, non esango bait da zein lursail hartzen duen hustiakuntzak, erabilera eta gozamen eskubidearekin.

- Titularitatea edo hustiakuntzaren erabilera zein lege-erataz transferitzen den erakusten duen frogagiria.

Behin laguntza emanez gero, frogagiri hori eskritura publiko egin beharko da.

- Lursailen edukitzaile berriak Gizarte Segurantzaren Nekazal Erregimen Berezian altan eskabidea aurkezten den artean behintzat daudelako frogagiria.

- Jabetza edo lur erabilera titularrez aldatuz geroztik, hustiakuntzaren edukitzaile berriek iharduera nagusia nekazal sektorean garatuko dutelako konpromezua, baita konpromezua ere soberakinak ez ugaltzeko, hustiakuntza-azaleraren zabalduntza ondotik.

III. URTEROKO INDEMNIZAZIOA, LABORANTZA UZTEN DUEN NEKAZARIAREN SENIDEEN ALDEKOA, NEKAZAL SEKTOREAN LAN EGITEN BADUTE ERA IRAUNKORREAN.

7. atala.- Honako baldintza hauek dira beharrezko horrelako laguntzak eskuratzeko: 1- Laborantza behin-betiko uzten duen nekazariaren senideak izatea, 55 urte eta erretiro-pentsioa jasotzeko legez ezarritako urteak bitarteko adina izanik, Gizarte Segurantzaren Nekazal Erregimen Bereziaren arabera.

2- Eskabidea aurkeztu aurretik gutxienez 5 urtez nekazaritzan aritu izanak eta gainera aldi hortako landuriko denboraren erdia gutxienez bertan emanda izatea eta eskabidea aurkeztu baino lehenagoko bi urteetan laguntzagai den titularraren hustiakuntzan lan egin behar izan dute.

3- Laguntza suertatuz gero, inolako nekazal zereginik ez egiteko konpromezua.

8. atala.- 1- Laguntzaren urteroko zenbatekoa 300.000 pezetakoa izango da, hustiakuntzan lan egiten duen familikide bakoitzeko.

2- Ez da onuradun bat baino onartuko, iharduera behin-betiko uzten duen titularraren hustiakuntza bakoitzeko.

3- Onuradunek hamar urtetan gehienez jaso ahalko dituzte laguntzak edo erretiro-pentsioa kobratzeko legez ezarritako adina bete arte.

9. atala.- Laguntza eskabideekin batera, 3. atalean ezarritako baldintza orokorrak biltzearen frogagiriak atxekiz gain, hurrengo hauek ere erantsiko dira: - Eskatzaileen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

- Nekazaritzan behin-betiko uzten duen nekazariarekiko ahaidetasuna erakusten duen agiria.

IV. ESKABIDEEN AURKEZPENA ETA LAGUNTZEN KUDEAKETA

10. atala.- Lurralde Historikoetako Foru Aldundiek jasoko dituzte eskabideak ezarritako epe eta eran eta Dekretu honen bidez sorturiko laguntzak kudeatzeko ardura izango dute, baita arautzeko ere Administrazioaren eginkizuna Dekretuan agindurikoa betetzen ez baden ere.

AZKEN XEDAPENAK Lehendabizikoa.- Foru Aldundiek dute Dekretu hontan finkaturikoa garatu eta beterazteko ahalmena.

Bigarrena.- Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta egun berean hartuko du indarra.

Gasteiz, 1988ko abenduak 13. Lehendakaria, JOSE ANTONIO ARDANZA GARRO.

Nekazaritza eta Arrantza Sailburua, JOSE MANUEL GOIKOETXEA ASKORBE.